IHESA ZILEGI
BALITZ

01

SINOPSIA

Egunero-egunero iristen dira gurera. Etengabe.

Afrikatik datoz, ihesi, miseriatik, gerratik, jazarpenetik edo heriotzatik, beti hegoaldetik iparralderanz, bizimodu hobeago baten bila, baina zeharkaldian oztopoak baino ez dituzte aurkitzen; mugak, harresiak, kontrolak, miaketak, atxiloketak, deportazioak…

Iheslariena ez da bakarrik urruneko errealitate bat. Irun eta Hendaia arteko muga harresi ikusezin bat bihurtu da. Gure etxeen aurretik ere milaka pertsona pasatzen dira Europara bidean. Ez ditugu ikusten, edo ez ditugu ikusi nahi.

2021ean 8.000 lagun baino gehiago pasa omen ziren Gipuzkoatik Lapurdira. Azken lau urtetan 20.000 inguru izan dira. Ezin jakin zehazki zenbat diren, baina ez dira zenbaki hutsak; pertsonak dira, zu bezala.

Beldurra dute, baina baita itxaropena ere…

Ibrahim, Oumar, Moussa, Salma, Boubakar…

Nortzuk dira? Nondik datoz? Nora doaz? Zerk bultzatu ditu ihes egitera? Zer nolako nekeak pasa dituzte hona iristeko? Zer dute amets?

Jaioterria utzi eta basamortu idorrean hilotzak atzean utzi ostean, itsasoa kayuko eskas batean zeharkatu ostean, gurera iristen dira, eta bidaia luzearen eta nekezaren ostean, azken txanpan daudenean, enegarren oztopoa aurkitzen dute hemen. Frantziako Poliziak kontrolak zorroztu ditu, baina bide batzuk ixtea, beste batzuk zabaltzea dakar. Ihes egiteko bideak ez dira iraunkorrak,  etengabe aldatzen doaz. Iheslariek, ezin dutenean zubitik pasa, menditik zeharkatzen dute muga, edo okerrenean, ibaitik. Denak ez dira beste aldera iristen. Axola ez duten bizitzak dira.

Gaur egungo drama handienetako bat da.

Mikel Laboak musikatutako Xabier Leteren poemak dioen bezala, ihesa zilegi balitz, bideak legezkoak eta seguruak balira, hau ez litzateke gertatzen ari. 

02

PROIEKTUA

Erakusketa honen helburua egunez egun muga zeharkatu nahi duten migratzaileen egoera ikustaraztea da.

Irun igarobide bihurtu da milaka pertsonentzako, baina errealitate paralelo bat da; pertsona asko axolagabeak dira honen aurrean. Sentsibilizazioa funtsezkoa da giza tragedia honetara gerturatzeko.

Migratzaileek gure lurraldearen hegoaldeko eta iparraldeko muga zeharkatzeko dituzten zailtasunak azaldu eta errealitate hori testuinguruan jarri nahi dugu. Helburu hori lortzeko, formatu handiko irudiekin erakusketa bat egin dugu, lau argazkilari freelanceren irudiekin, kalean erakusteko prestatuta dagoena. Guztira sei egitura dira, metalezko euskarriekin edo burdina galbanizatuzko hodiekin. Egitura bakoitza bi metroko zabalera eta metro eta laurogeiko altuera duten hiru panelek osatzen dute, eta barrualdetik eta kanpotik ikusi daitekeen gela moduko bat sortzen dute. Argazki-olanak dituzten 36 panelak -egitura bakoitzeko alde biko hiru panel- testuekin eta mapekin osatuta daude. Testuak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez daude idatzita.

Egitura bakoitzak gai zehatz bat du ardatz migratzaileen errealitatea testuinguruan jarri ahal izateko: jatorritik, ihesaren arrazoiak ulertzeko, ibilbidean zehar aurkitzen dituzten oztopoetatik pasatuz, betiere migrazio-politikei buruzko hausnarketa bat sortzeko helburuarekin. Mitoak, aurreiritziak eta estereotipoak apurtzeko garaia da. Gurera iristen direnak aurretik itsasontzi batean erreskatatu dituzten pertsonak dira, hesi bat saltatu dutenak edo herrialde batetik bestera milaka kilometro egin dituztenak.

Xedea da hegoaldetik iparralderanzko zeharkaldietan gertatzen diren giza eskubideen urraketen aurrean gure kontzientziak piztea. Uste dugu gizartea interpelatuta sentitu behar dela gure garaiko drama honen aurrean. Europak koltan, kobalto edo grafito meategiak ustiatzen eta kontrolatzen ditu, baina miseriatik, gerratik edo errepresiotik ihes egiten duten pertsonei ateak ixten dizkie.
Inork ez du merezi bizitza hobea izan nahi izateagatik hiltzea.

Pertsona orok du bere herrialdetik kanpo babesa bilatzeko eskubidea, izan gatazka batetik ihes egiten ari delako, edo arraza, erlijio, nazionalitate, iritzi politiko edo gizarte-talde jakin bateko kide izateagatik jazarria izaten ari delako, baina eskubide hori sistematikoki urratzen da.

Europak portuak itxi dizkie erreskate-ontziei, nazioarteko zuzenbidea urratuz, eta mugak harresiz, hesiz eta kontrolez bete ditu.

Gaur egun, mundu osoan ehun milioi pertsonak baino gehiagok beren etxeetatik indarrez ihes egin behar izan dute, eta bizirauteko borrokan ari dira.

Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak salatu duenez, 50.000 pertsona hil dira mundu osoan zeharkaldietan 1994an heriotzak dokumentatzen hasi zirenetik.

Mediterraneoa hobi komun bat bihurtu da, baina gure lurraldea ez dago errealitate horretatik kanpo. Frantziak muga militarizatu du, pertsonen joan-etorri askea eragotziz. 2015etik kontrola zorrotza da eta gure begien aurrean itzuli egiten dituzte muga zeharkatzea lortzen duten pertsonak. Bita, hirutan, lautan saiatzen dira beste aldera pasatzen.

Schengengo Ituna Europako Batasuneko proiekturik enblematikoenetakoa izan zen. 1995ean sinatu zen itun horren bidez, zirkulazio askea bermatzen zen, baina proiektu horren oinarriak inoiz baino hauskorragoak dira. Schengen eremua arautzen duen hitzarmenak salbuespentzat duen ez-ohiko egoera arrunt bilakatzen joan da. Irun horren lekuko da. Frantziak, pandemiaren testuinguruan, muga administratiboak itxi zituen 2020 martxoan, eta terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian, kontrolak mantendu ditu, tartean Santiago eta Behobiako zubietan.

Mugak itxita jarraitzen du azal beltza dutenentzat. Polizia gau eta egun izaten da bi zubiak zaintzen. Gero eta zailago da paperik gabekoentzat bertatik igarotzea.

Etxean bertan dugun egoera da. Eta kontatu beharra dago.

03

GARAPENA

 

SEI

MODULO,

SEI

HARRESI

1.
aurkezpena

Frantziak muga militarizatu du, pertsonen joan-etorri askea eragotziz. 2018tik kontrola zorrotza da, eta gure begien aurrean kanporatzen dituzte muga zeharkatzea lortzen duten pertsonak. Frantziak 2020ko martxoan itxi zituen mugak, pandemiaren testuinguruan, eta terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian, kontrolak mantendu ditu, tartean Santiago eta Behobiako zubietan. 2023an berriro zabaldu zituzten zubiak, baina egunero kanporatzen dituzte migratzaileak, paperik gabeak… beti azal ilunekoak.

Politika krudelak dira, gupidagabeak, ankerrak, ilegalak…

Zeharkaldietan etengabe urratzen dira giza eskubideak, eta bide batzuk ixten direnean beste batzuk irekitzen dira, gero eta arriskutsuagoak. Ezin denean zubitik igaro, mendian barna zeharkatzen dute, eta, kasurik okerrenean, ibaia zeharkatzen saiatzen dira. Denak ez dira beste aldera iristen.

2.
BIDASOAKO

HARRESIA

Frantziak egunero kanporatzen ditu muga zeharkatzea lortu duten pertsonak. Irunen uzten dituzte batzuetan mugatik kilometro batzuetara atzemandakoak. Kontrolak iraunkorrak, selektiboak eta diskriminatzaileak dira. Gau eta egunez daude hor.

Harresi zeharkaezina bilakatu da muga, ihes egiten duten pertsonentzat. Horregatik bilatzen dituzte beste bide batzuk. Kontrabandistek, frankismotik ihesi zihoazen gizon-emakumeek, eta diktaduratik ihes egiten zuten errefuxiatu portugaldarrek aurretik zeharkatutako pasabideak dira. Historian zehar, behin eta berriz zeharkatu dira modu klandestinoan iratzez eta sasiz betetako bidezidor hauek.

 

3.
HEGOALDEKO

HARRESIAK

Ceuta eta Melillakoak izan ziren migrazioa geldiarazteko lehen hesiak. Hegoaldeko harresiak dira. Afrikan daude, baina Europako lehen mugak dira. Gero eta ohikoagoa da mugak kanpoan jartzea, esternalizatzea. Milaka lagunen bizitza arriskuan jartzen duen estrategia da.

Melilla hamabi kilometro luze eta sei metro altuko hiru hesi paralelok gotortzen dute. 1971n ezarri zuten lehen txarrantxatxoa, egurrezko paldoei heldua, baina urteen poderioz sofistikatu egin da. Hesien artean, orain, zirga bat dago, arantza eta laban zorrotzen mataza bat, eta azken urteotan kamerak, mugimenduak detektatzeko sentsoreak eta iluntasunean ikusteko argiak jarri dituzte.

 

4.
ITSASOA

HARRESI GISA

Mediterraneoa harresi bat bilakatu da. Nekez zeharkatu daiteke, izan ontziak eskasak direlako, izan mafiek kontrolatzen dutelako edo izan erreskate ontziei portuak ixten zaizkielako.

Aita Mari auzolanean zaharberritutako atunontzia da, eta dagoeneko bederatzi erreskate operazio egin ditu, estatuen traben gainetik, 2019an itsasoratu zenetik. Libiako edo Tunisiako kostaldetik ateratzen diren errefuxiatuak erreskatatzen ditu. Libia laberinto bat da iheslarientzat, kartzela bat, infernu bat. Tunisian ere egoera ankerra da. Itsasoan ito eta hondartzetara iristen diren gorpuak han lurperatzen dituzte, gehienetan izen abizenik ez duten hilobietan.

5.
LURREKO

HARRESIA

Grezia historiako errefuxiatuen krisi handienetako baten lekuko da. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Batzordearen datuen arabera, 2019an 74.000 pertsona baino gehiago iritsi ziren herrialdera. Egunero egunero iristen ziren iheslariak Siriatik, Afganistanetik, Pakistanetik, Iranetik. Europak mugak itxi zituen lurreko harresi bat eratuz. Lesbos uhartea kartzela bat bilakatu da. Morian, errefuxiatu-esparrurik handienean, milaka pertsona pilatu ziren, baldintza ankerretan, kanpalekuak su hartu zuen arte. Orain Kara Tepen daude. Egeo itsasoko uharteetan 35.000 errefuxiatu inguru bizi dira.

6.
HARRESIAK,

MAPAK ETA BIZITZAK

Munduan 110 milioi pertsonak baino gehiagok utzi behar izan dituzte euren etxeak.

Honaino iristen direnak gerrek suntsitutako herrialdeetatik ihesi datoz, edo kolonialismoaren garaitik eratorritako ustelkeriak eta espoliazioak sortutako betiereko gatazketatik. Iheslariek maiz ez dakite azaltzen zeintzuk diren benetako arrazoiak.

Beraien lekukotasunetan istorioak harilkatzen dira, basamortuko ibilaldiak, mugetako kontrolak, erregistroak eta xantaiak, eta itsasoa zeharkatzeko odisea.

ADIBIDEA

BARRUKO MODULOAK

KANPOKO MODULOAK

04

AURREKONTUA

Erakusketa zure herrian jartzeko interesik bazenu, idatzi ezaiguzu, mesedez, info@ihesazilegibalitz helbidera eta dosierra bidaliko dizugu, aurrekontu eta erakusketa jartzeko baldintzak azalduz.

OBRAREN DESKRIBAPENA

  • 18 olana-unitate, bi aldetara inprimatutakoak, 200 x 180 cm neurrikoak.
  • Olana hauek erakusketa osatzen duten 46 argazkiak biltzen dituzte, bai eta obra osoa testuinguruan jartzen dituzten azalpen-testuak ere.
  • UV tintaz eginiko CMYK inprimaketak, aire librerako egokiak diren blockout olanean.
  • Erakusketaren egitura osatzen duten altzairu galbanizatuzko 66 odi, lotze-grapa eta kontrapisu oinarriak barne.
  • Kanpoaldean erakusteko pentsatua da lana, baina barruan ere instalatu daiteke.

ERAKUSKETA BALDINTZAK

  • Garraioa eta muntaketa/desmuntaketa egilee eta erakunde sustatzailearen artean adostuko da. Aldaketarik izanez gero, egileak edo/eta muntaia-arduradunak baimendu beharko ditu.
  • Erakusketaren kokagunea sustatzailea eta egilearen artean adostuko da, argiztapena, ikusgarritasuna eta ikusleen segurtasuna kontutan hartuta.
  • Erakusketaren datak sustatzailearen eta egilearen artean adostuko dira, erakusketa-gunearen eta egileen agenden eskuragarritasunean oinarrituta.
  • Egileetakoren batek gidatutako aurkezpen edota bisitak egiteko aukera jarriko da sustatzaileen esku, beti ere agendaren arabera.
  • Sustatzaileak konpromisoa hartzen du obra behar bezala zaintzeko, bai eta aseguru-poliza bat sinatzeko ere, obra ikusgai dagoen aldirako. Halakorik sinatu ezean, obra manipulatzean edo erakusketa- eta montatze/desmuntatze-aldian zegoela hondatuko balitz, hondatutako obra zatia ordezkatzeaz arduratuko litzateke.

05

NORTZUK GARA

Gari Garaialdek (Irun, 1972) pasioz bizi du argazkigintza. Ibilbide luzea dauka fotokazetaritzan. Argia, Euskaldunon Egunkaria eta Argazki Pressen aritu ostean, 2015 urtetik Getty Images eta Agence France Pressekin kolaboratu izan du. Bere lanak Gara, Berria, La Gaceta, El Pais, Der Spiegel, The Guardian eta The Washington Post egunkarietan ikusi ahal izan ditugu.

BOSTOK PHOTO kooperatibaren sortzailea eta zuzendaria da, eta EIGE Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

BOSTOK PHOTO munduari ikuskera pertsonal batetik begiratzen dioten argazkilariez osatuta dago. Kalitatezko fotokazetaritza dute ardatz.

Javi Julio (Donostia, 1978) argazkilaria eta zinema zuzendaria da, eta arreta berezia jarri izan du errefuxiatuen auzian, giza eskubideetan eta memoria historikoan. Euronews, The Guardian, El Pais edo Point 5.1 bezalako hedabideetan argitaratu ditu bere lanak.

NERVIO ekoiztetxearen sortzailea da. Plataforma horretatik eduki sozialeko dokumentalismo independentea egiten dute. Bere lanik nabarmenetako bat ‘Aita Mari’ dokumentala izan da, 2021eko abenduan estreinatu zena. Bertan, euskal arrantza-ontziaren zaharberritzea eta Mediterraneoan egiten duen lehen erreskate-misioa jasotzen dira.

LAN TALDEA

Gari Garaialde eta Javi Julio dira proiektu honen sustatzaileak, baina erakusketan beste bi fotokazetariren lanak ere izango ditugu. Lantaldea beste bi pertsonak osatzen dute, kazetari batek eta diseinatzaile grafiko batek.

Santi Donairek (Jaen, 1988) kazetaritza eta ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zituen Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean, eta, ondoren, argazkilari gisa trebatu zen Madrilgo Blankpaper eskola mitikoan. Argazkilari dokumentalista da. Bere irudiak The New York Times, Le Monde, Time, El País, 5W eta Diari Ara hedabideetan argitaratu dira.

Picture of the Year International -POYI- lehiaketan eta Luis Valtueña Nazioarteko Argazki Humanitarioaren Sarian saritu dute. 2022an Joana Biarnes Beka irabazi zuen.

NERVIO ekoiztetxeko kidea da.

Mikel Oibar (Bilbo, 1987) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta fotokazetari bihurtzea erabaki zuen, komunikabideen bitartez iristen ez diren istorioak kontatzeko. Bere prestakuntza Artediez eta BlankPaper bezalako eskola erreferenteetan osatu zuen. Ukrainako gatazkari buruzko proiektuak garatu ditu, bai eta Bosniako eta Herzegovinako gerraren ondorioei buruzkoak ere, eta Saharako errefuxiatu-esparruei buruzkoak, eta Europako hegoaldeko mugetan migrazioaren gaia landu du. Zinemaren eta telebistaren munduan argazki-zuzendari, kamera-operadore eta editore gisa aritutakoa da.

Kristina Berasain (Lizarra, 1973) giza eskubideetan eta ahaztutako gatazketan espezializatutako kazetaria da. EHUn kazetaritzan lizentziaduna, Berria egunkariaren nazioarteko saileko arduraduna izan da urte luzez. Ekialdera eta hegoaldera bidaiatzeko joera izan du: Mendebaldeko Saharara, Palestinara, Egiptora, Etiopiara, Aljeriara, Marokora, besteak beste. Arnas luzeko kazetaritza landu du kronika eta erreportajeen bidez.

Susana Fernandezek (Donostia, 1983) mundua aldatzeko tresna gisa ulertzen du diseinua. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen EHUn, eta geroago diseinuko master bat egin zuen Bartzelonako Elisava eskola ospetsuan. Hainbat urtez publizitate-agentzia batean lanean aritu ondoren, marka propio bat sortu berri du freelance gisa lan pertsonalagoak freelance garatzeko: Su Estudio.

06

KONTAKTUA

Gari Garaialde

BOSTOKPHOTO

+34 609824695

info@bostokphoto.com

Javi Julio

NERVIO

+34 647637209

info@nerviodocs.com